Back to the top
zooming-background

bideoklipa

Josu Bergara musikariaren gabon kanta
Etxe-honetan-josu-bergara

Nire bosgarren diskoan “Asunak: bide-bazterreko melodia sendagarriak” gabon kanta bat grabatu genuen: Etxe honetan. Nola konposatu nuen jakin nahi?

Aspaldi, gabon kanta bat egiteko gogoa nuen, izan ere, betidanik gure etxean eta gure herrian, Ean, gabonak oso egun bereziak izan dira. Niretzat, gabon giroa familia, lagunak eta herritarrekin lotuta dago. Antzinako ohitura edo usadioak gogoratzeko uneak izan ohi dira. Esaterako, gure herrian “Abendua” abesten da, aspaldiko kopla zaharrak dira, herriko ondare kulturalaren altxorra.

Etxe honetan abestiaren kasuan, gure herrian gabon garaian bizi dugun giro berezi hori plazaratu nahi izan nuen. Horretarako, nire izekoren etxearen atarian zegoen esaldi batean inspiratu nintzen “Etxe honetan sartzean dana, etxekotzat hartuko da“. Ez dakit zenbat urte dituen plaka horrek, baina betidanik ezagutu izan dugu izekoren etxean. Esaldia ederra izateaz aparte, euskaldunon izaeraren adierazlea iruditzen zait. Hau da, etxean sartzen dena, etxekotzat hartzen dugula. Behintzat, horrela irakatsi ziguten guri txikitatik. Esaldi horretan oinarritu nintzen abestiaren letra idazteko.

Etxe honetan Josu Bergara
Izekoren etxean zegoen plaka txikia, orain gure etxean dagoena.

Abestiaren musika konposatzeko, bazkalostean kantatzen diren abestietan oinarritu nintzen. Lagun ezberdinak elkarrekin kantatzeko ohituran. Melodia osatzeko, laguntzaile trebeak izan nituen: alde batetik, Nerea Alberdi konpositore bilbotarrak bandarako moldaketak egin zituen. Bestetik, Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarrak eskusoinu txikia erabili zuen doinu hauek alaitzeko eta gure-gureak egiteko. Euskarari dagokionez, letra bizkaieraz idatzita dago, herrian erabiltzen diren esamolde berezi batzuk ere aipatzen direlarik.

Abestiaren grabaketa 2018 urtean izan zen, Urdulizen dagoen Tio Pete estudioan, Unai Mimenza eta David Sanchez Damian teknikarien gidaritzapean. Grabaketan “Akorde txikiak” bandan nirekin batera aritzen diren musikariak parte hartu zuten: Nerea Alberdi, Mikel Nuñez, Lüi Young, Irati Bilbao, Dani Gonzalez eta Txema Arana. Gainera, Naroa Gaintza abeslariak ere nirekin batera kantatu zuen eta koroan herriko hainbat lagunek parte hartu zuten.

Etxe-honetan-josu-bergara

etxe-honetan-lagunak

etxe-honetan-lagunak-grabaketa
Argazkiak: Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar

Ondoren, bideoklipa grabatu genuen, Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar bideogileen gidaritzapean. Bideoan herriko irudiak agertzen dira, kaleak, plaza, moila, “Arrantzale” eta “Aritza” tabernak.

Etxe honetan abestiaren arrakasta

Ordutik hona, zorion mezu ugari jaso ditut “Etxe honetan” abestiagatik. Dagoeneko esan daiteke, kanta honek Euskal Herriko gabon jaietako kantutegian bere lekua egin duela. Pozik jaso ditut abestiarekin lotutako hainbat mezu eta eskaera. Aspalditik oso argi dudan kontua da herritik eta herriarentzat musika egiten dudala, harropuzkeri eta egoak alde batera utzita.

Jakin badakit, gaur egun “Etxe honetan” abestia Euskal Herriko hainbat herriko kaleetan abesten dela: Bermeo, Oñati, Irun, Arrasate, Gernika, Bilbo, Gasteiz, Lekitto, Ondarru, besteak beste. Beste herrialde batzuetatik ere heldu zaizkit abestiarekin lotutako zorion mezuak: Ameriketako Estatu Batuetatik, adibidez. Sekulakoa! Jarrai dezala abestiak bere bidea egiten, “Etxe honetan sartzen dana, etxekotzat hartuko da“-

Etxe honetan abestiaren letra

ETXE HONETAN – Egilea: Josu Bergara Aretxabaleta (musika eta hitzak)

Barriro be lotuko gara,
sutondoan danok batera,
– Olentzero noiz dator, ama?-
txikien betiko galdera.

Gabon gabian alkartuta,
senide, herritar, laguna(k),
etxe honetan sartzen dana,
etxekotzat hartuko da. (x2)

Aintzinan eitxen zan antzera,
hauxe da geure herriko ohitura,
badator urte amaiera,
min danak botaizuz sutara!

Gabon gabian… (x2)

Geuretzat hauxe da handixena,
munduko altxorrik ederrena,
amumak jagon (e)ban euskara,
gaur lobak eingo dau berbera.

Gabon gabian… (x4)

 

2.25 K

2020ko apirilean, konfinamendu egoeran, “Kolorez jantzitako egunak” abestia konposatu nuen. Askotan bizitza bat-batean ilundu egiten da eta horrelakoetan aurrera egiteko jarrera positiboa izatea ezinbestekoa da. Galernaren erdian, haizearekin dantzan egiten ikasi behar dugu.

Abestia modu sinple eta akustiko batean etxetik grabatu ostean, “Akorde txikiak” taldeko musikariok abestiari forma ematen lagundu zidaten.  Laster disko berria prestatzen hasiko gara, eta seguruenik, abesti hau ere bertan agertuko da.

Bitartean, nire aurreko bost diskoak entzun edo deskargatu nahi badituzue, diskografia atalean aurkituko dituzue.

Zaindu zaitezte lagunok, laster arte.

KOLOREZ JANTZITAKO EGUNAK (Letra)

Batzuetan bizitza
bat-batean iluntzen da,
ustekabean datorren
galernaren antzera
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.

Kolorez jantzitako
kometa bezala
haizearekin dantzan.

Baina hala ere
den-dena pasatzen da,
ez dago formula magikorik
baina hala da
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.

Kolorez jantzitako
kometa bezala,
bizitzarekin dantzan.

Partaideak

Musika eta hitzak:
Josu Bergara

Bideoaren edizioa:
Jabier Bergara

Audioaren edizioa:
David Sánchez Damián

MUSIKARIAK
Nerea Alberdi – Bibolina
Mikel Nuñez – Teklatua
Irati Bilbao – Ahotsa
Txema Arana – Bateria eta perkusioak
Dani González – Baxua
Luï Young  – Gitarra elektrikoa

198


Akorde Txikiak
bandaren laguntzaz Amurrio Antzokian grabatutako ikus-entzunezko pieza berri honen egileak Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar izan dira.
Ion Martinez Esnaola “Txiki” aktorea bideokliparen protagonista nagusia izan da. Donostiako aktoreak rol edo paper ezberdinak jokatu ditu (burokrata, polizia, diputatua, epailea…) askotan ekimen kultural zein sozialak jasan behar dituzten trataerak salatuz.
Abesti honetan, tangoaren erritmoa eta doinu bereziak lirika eta umorearekin uztartu dira, kritika politikoa adierazteko.

128
© WolfThemesLicencia: todos los derechos reservados © Josu Bergara© WolfThemes