Errekara kanta. Eako jaietarako musika konposizioa.
Duela hiru urte, aitarekin hitz egiten, ideia bat bururatu zitzaigun: gure herriko jaietarako martxa estiloko pieza bat konposatzea. Horrela jaio zen Errekara! kanta sortzeko ideia. Nire aita, Agustin Bergara, musikaria, piano-jotzailea eta Bilboko Kontserbatorioko musika irakasle ohia da. Elkarrekin lanean hasi ginen, eta 2022. urtean, bion artean konposatutako abestia aurkeztuko dugu.
Errekara abestiaren sorrera: Eako herriarentzat oparia
Gure herria Bizkaiko kostaldean dagoen udalerri txikitxoa da. Ea izena du, baina herritarrok, Ie izena eta ietarrok jentilizioa erabiltzen ditugu askotan. Herri berezi eta maitagarri honek, munduari begiratzeko nire modua eraldatu eta eraiki izan du. Hortaz, esker oneko berbak bakarrik ditut nire herriarentzat eta herritarrontzat.
Urtero, San Juan jaien azken egunean (ekainaren 26an) “Erreka Eguna” ospatzen da. Antzinetik datorren ohitura edo tradizio xelebre honetan, herritarrok mahonez jantzi eta errekan sartzen gara. Ospakizun berezia eta ezberdina da, guretzat urteroko ezinbesteko hitzordua. Gure aitxitxek eta amumak ere hala ospatzen zuten, eta etxean ikasi genuen moduan, guk ere horrela ospatzen dugu. Hartara, Errekara! kanta egun bereziaren ereserkia izateko helburuarekin sortu dugu.
Askotan gitarra edo pianoaren laguntzaz konposatzen dut, baina oraingoan erronka potoloagoa izan da: bandarako konposizio originala prestatu dugu. Horrelako konposizio-piezak ere badaude beste herri edo hiri askotan. Euskal Herrian, Sorozabal eta Sarriegi konpositoreek sortutako martxa ospetsuak, esaterako.
Guk ere gure herriarentzat opari berezia konposatu nahi izan dugu. Gainera, sormen prozesua parte-hartzailea eta herritarra izatea nahi genuen, eta horretarako, gure ekimen honetan herriko (eta kanpoko) hainbat lagun eta ezagun elkartu ditugu.
Kantuaren letraren egilea: Karmelo Landa Mendibe
Karmelo Landa Mendibe herritarrari proposatu genion abestiaren letra idaztea, eta berak hitz ederrak josi ditu, emozioz beteriko letra osatuz.
Txipli ta txapla, txipli ta txapla
errekatik itsasora,
gaur ekainaren hogeita seia
hau ietarron ganora!
kanpotik busti, barrutik busti
zatoze gure ondora!
gaur ietarron eguna da ta
erdu udaren berora!
Errekara, errekara! Ietarrok errekara!
Negua joan zan, uda badator
hau bai sasoi emankorra!
gaur errekara salto eginda
plisti-plasta orokorra
bildur barik ba hondatu prakak
soinekoak ta atorra,
lehorrekoak, etorri hona,
uretan busti mokorra.
Errekara, errekara! Ietarrok errekara!
Errekan hasi, besarkatuta,
kantu alaia ahoan,
ate gainean dantza egiten,
aurresku ta fandangoan,
freskatzen gara, bustitzen gara,
bata besteen ondoan,
errekan behera, gure parranda
bainauko da itsasoan.
Errekara, errekara! Ietarrok errekara!
Musikaren konposizio prozesua: pausoz pauso
Letra esku artean izan bezain laster, musika konposatzen hasi ginen. Oso argi izan genuen abestiak melodia erraza, sinplea, garbia eta atsegina izan behar zuela. Hainbat aldiz batu ginen pianoaren aurrean, gitarra eskuetan, doinu ezberdinak frogatuz. Azkenean, doinu polit eta itsaskor bat aurkitu genuen. Doinua lantzen eta frogatzen buelta-bueltaka aritu ondoren, Errekara! abestiaren melodiarekin oso pozik geratu gara.
Abestia bandarentzat moldatzeko, Mikel Nuñez Lauzirika piano-jotzaile eta konpositore durangarraren laguntza izan dugu. Berari esker, musikak egundoko gorputza, sakonera eta potentzia hartu du.
Grabaketa egiteko, Basauriko Blue Bayou estudioa aukeratu dugu. Bertan, egitasmo musikal askotan lagun eta lankide ditugun David Sanchez Damián eta Nerea Alberdi musikariek lan egiten dute. Errekara! abestiaren kasuan, David Sanchezek gidatu du grabaketa eta produkzio prozesu osoa. Beti bezala, plazer handia izan da berarekin lan egitea: trebea, azkarra eta pazientzia handikoa zara, lagun!
Abesti parte-hartzailea: Ardoa Barrura Fanfarrea, Naroa Gaintza, Iholdi Beristain eta Ieko kantu poteoko taldea
Grabaketa egun ezberdinetan gauzatu dugu. Hasteko, Ardoa Barrura Fanfarrekoek zati instrumentala grabatu zuten. Ardoa Barrura Fanfarrea Bizkaiko musika talde historikoa da, 35 urtetik gorako ibilbidea duena Euskal Herriko zein kanpoko jaiak alaitzen. Bertako Roberto Alonsoren gidaritzapean, fanfarrekoak partiturak ikasi eta estudiora etorri ziren. Musikari finak eta benetan jatorrak dira. Ardoa Barrura Fanfarrearen formazio osoa: Roberto Alonso, tronpeta; Santi García, saxofoia; Jon Txintxurreta, saxofoia; Igor Crespo, bombo, saxofoia; Unai Ercilla, tronpeta eta tronboia; Jesús Rioja, tuba; Richard Isasi, tronpeta; Ibon Meabe, kaxa edo danborra; Asier Villan, txindatak; Roberto González, tronboia; Garikoitz Badiola, tronboia; Jaime Esteban, tronpeta; Aitor Menéndez, helikoia; Txomin González, bonboa.
Ahots nagusiei dagokienez, gure herriko bi artista gonbidatu genituen abestian nirekin batera kantatzeko: Naroa Gaintza eta Iholdi Beristain. Horrela, Errekara! abestian hirurok abesten dugu elkarrekin.
Abestiaren distribuzio digitalerako azalaren diseinua Ramon Lejardi artistarena da. Bedarutarrak ilustrazio oso berezia landu du.
Horrez gain, Ieko kantu poteoko taldea ere gonbidatu genuen. Aurrekoetan bezala, parte hartzera animatu ziren, eta entsegu pare bat egin ostean, estudiora hurbildu ziren koroak grabatzera. Emaitza primerakoa izan da. Hauek dira grabaketan parte hartu duten kantu poteoko kideak (tartean gure familiako kide batzuk ere): Karmelo Landa Mendibe, Joxe Mari Landa Mendibe, Andoni Landa Mendibe, Irune Benedicto Arbaiza, Begoñe Aspiazu Iribar, Marisol Aguirre García, Sara Egia Agirre, Nerea Rodríguez Uribe-Etxebarria, Amaia Muniozguren Agirre, Garbiñe Muniozguren Agirre, Manu Fernández Saiz, Nerea Muniozguren Agirre, Ernesto Ramirez, Idoye Errazti Olartekoetxea, Amaia Bergara Aretxabaleta, Julen Cáceres Iriondo eta June Bergara González. Duela urte batzuk, Etxe Honetan abestiaren grabaketan ere haien parte hartzea izan nuen, eskerrik asko!
Abestia 2022ko ekainaren 26an, Erreka Egunean, aurkeztu dugu. Plazan giro paregabe egon da eta herritarrak elkarrekin “Errekara! Errekara” abestu dugu. Orain, zuen txanda da, kantua entzun eta zabaldu!
Errekara abestiaren bideoklipa ikusi.