Back to the top
zooming-background

Abestiak

Josu Bergara musikaren konpositorea eta proiektuaren sortzailea da

Loa eta Laia, marrazki bizidun musikalak

Duela urtebete inguru aurkeztu zen Loa eta Laia, euskarazko serie animatu digitalaren proiektua, euskal kultura, ohiturak eta balio unibertsalak transmititzera bideratua, 2 eta 7 urte bitarteko familiei eta adingabeei zuzendua.

Josu Bergara musikari eta publizistaren, ideiaren sortzaile eta musikaren egilearen eta Paul Caballero ilustratzaile eta proiektuaren sustatzailearen ideia gisa jaio zen, eta lehen denboraldian lortutako emaitza onek bigarren denboraldi batekin jarraitzera bultzatu dituzte, hamar kapituluz osatuta dagoena.

Proiektu honen ardatza musika eta pertsonaia animatuak dira, eta Loa eta Laia dira protagonistak. Ane Martínez  eta Leire Aparicio , abeslariak, eta Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián, egokitzapen eta ekoizpen musikalaren arduradunak, dituzte lantaldean.

Loa eta Laiak etxeko gazteentzat euskaraz garatutako eta gure errealitatetik hurbil dauden edukiak izateko beharrari erantzuten dio, eta kapitulu guztiak irizpide pedagogiko eta didaktikoekin lantzen dira. Horrela, asko bereziki erabilgarriak dira eguneroko ohiturak lantzeko.

Lehen denboraldiko emaitza bikainak
Loa eta Laia sarean bizi dira eta YouTubeko kanal baten bidez azaltzen dira euren abenturak. Lehenengo denboraldian Gau Beltza, Euskararen Eguna eta Gabonak ospatu zituzten, gure ingurune naturala nola zaindu ikasi zuten, eguneroko ohiturak hartu zituzten (komunera joaten ikasi, adibidez), gorputz adierazpena, koreografiak eta erritmoa landu zituzten…
Abentura horietan, animazioez gain, eduki osagarriak dituzte, hala nola fitxak eta beste baliabide batzuk; baita garapen digitalak ere, errealitate areagotuko iragazkiak, esaterako.

Lehen denboraldi honetan 200.000 erreprodukzio baino gehiago lortu ditu YouTuben, 4.000 ordu inguru. Hilean kapitulu bat emanez, urria eta ekaina bitartean, proiektuaren inguruan erabiltzaile-komunitate bat osatuz joan da. Horrela, adibidez, Loa eta Laia ikastetxe batzuetako ikasleei laguntzen diete beren eskola-orduetan, eta egunerokoan parte hartzen dute. Irakasle askorentzat erreferentziazko proiektu bihurtu da.

Edukiak sare sozialen eta berehalako mezularitzako aplikazioen bidez partekatzen eta banatzen dira familien artean.
Izan ere, arrakasta horren zati bat bi faktore nagusik eragin dute: batetik, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, eta, bestetik, euskal familien beharrei erantzutea, eduki praktikoekin eta balioekin.

Horrela, Loa eta Laia beste mugarri bat da pantailetan eta ingurune digitalean euskarazko kalitatezko edukien kopurua handitzeko helburuan.

Eta, gainera, euskarazko eduki interesgarri horiek egunerokoan bizi dugun errealitatetik hurbil daude, freskoak, praktikoak, laburrak eta didaktikoak, familian ikusteko aproposak. Familia eta eskola-komunitate askok hartu dituzte dagoeneko abestietako batzuk, “Egun on” edo “Gabon”, esaterako, eguneroko ereserkiak. Eta beste batzuk eguneroko ohiturei erantzuten diete, “Kaka egingo dugu”, esaterako. Dena den, ez da ahaztu behar bideoen bidez balioak lantzeko duen osagai handia, hala nola berdintasuna, elkartasuna edo iraunkortasuna, non txikienek ulertzen duten ingurumena edo animalien eskubideak errespetatzeko beharra, adibidez.
Arrakasta horren ondorioz, Loa eta Laiako arduradunek akordio bat itxi dute EITB taldearekin, eta lehen denboraldia streaming bidez emititzen ari da dagoeneko.

Kataluniatik ere interesa agertu dute proiektuan, eta ez da baztertzen beste hizkuntza batzuetara itzultzea eta ikus-entzunezko jaialdietan parte hartzea. Baina proiektuak euskaraz eta euskaragatik izaten jarraituko du.

Loa eta Laiaren bigarren denboraldiaren estreinaldia

Taldeak hilabeteak daramatza bigarren denboraldian edukiak, musika konposizioak, grabaketa eta edizioa, ilustrazioak eta animazioak sortzen, eta hurrengo hamar kapituluetako abestiak prest daude.
Bigarren denboraldi honetan, gure kulturako pertsonaiek eta ospakizunek hartuko dute protagonismoa, hala nola, Gargantuak. Gainera, gai batzuk ikastetxeen eskaera zehatzei erantzuteko sortu dira, “Agur” abestia, adibidez. Edo ohitura osasungarriei, bullyingaren aurkako pedagogiari, genero-aniztasunari eta abarri buruzko atalak.
Eta, lehen denboraldian bezala, musika izango da ardatza, eta alderdi artistiko eta teknikoak ere landuko dira, hala nola musika-notak edo erritmoak.
Osagarri gisa, zerikusia duten bi proiektu lantzen ari dira: merchandising produktu batzuk sortzea; eta zuzeneko ikuskizun bat ekoiztea.

Nor dira Loa eta Laia?

Loa eta Laia lagunak dira eta musika maite dute. Ausartak, freskoak eta dibertigarriak dira. Buruargiak eta sortzaileak dira, eta erronka guztiei pasioz, adorez, ilusioz eta lankidetzaz egiten diete aurre.
Musika talde bat sortu dute eta abestien bidez abentura ezberdinak biziko dituzte. Haiekin batera, Qiang eta Niko lagunek ere parte hartuko dute, eta abestien erritmoa eta melodiak bateria eta pianoarekin osatuko dituzte.
Abestiek ukitu moderno eta berritzailea dute, askotariko musika estiloak nahastuko dituzte beren melodietan: rock, pop, folk, rap, bluegrass, reggae, jazz…
Era berean, askotariko kultura eta jatorrietatik eratorritako musika-estiloak jorratuko dituzte.
Loa eta Laiaren unibertsoan baso biziak, animaliak, zuhaitzak eta landareak ere agertuko dira.
Pertsonaia horien kontzeptua sortzeko, aholkularitza jaso da hainbat arlotan: genero-ikuspegitik, giza eskubideen errespetua sustatzeko moduari dagokionez, hezkuntzaren ikuspegitik.

1.99 K

“Pantailak Euskaraz” abestiaren konposizio prozesua

2021. urtean Pantailak Euskaraz herri ekimenekoak nirekin harremanetan jarri ziren mugimenduaren aldeko abestia konposatzeko. Abestiaren konposaketa orokorra gauzatzeko David Sanchez Damián produktore musikalaren laguntza izan dut. Musika eta ahotsak, Basauriko Blue Bayou estudioetan grabatu dira 2022an zehar. Abestia 2023ko martxoaren 18an aurkeztu egin da.

  • Letraren egilea: Oihana Bartra bertsolaria.
  • Musika konpositorea: Josu Bergara.

Pantailak Euskaraz, abeslariak

Abestian hainbat musikari eta artista euskaldunak parte hartu dute:

  • Aitziber Garmendia aktorea, Zaldibia.
  • Iñaki Ortiz de Villalba musikaria (Betagarri, Modus Operandi), Gasteiz.
  • Sara Cozar aktorea, Ordizia.
  • Joanes Etxebeste aktorea-abeslaria (Goazen), Sara.
  • Nerea Lorón musikaria (La Furia Rap), Kaskante.
  • Tom Lizarazu musikaria (Bulego), Azkoitia.

Pantailak Euskaraz bideoklipa

  • Bideo Grabaketa eta Muntaketa: Joseba Rodrigez, Lander Gurtubai
  • Koordinazioa: Aintzane Gamiz
  • Bideo Zuzendaritza: Ibon Iza Totorika
  • Grabaketa Lekeition gauzatu da 2022ko udan, bertan Pantailak Euskarazeko hainbat kide, senide, eta lagunek parte hartu dute, eta baita Isuntzako neska arraunlariek ere.

 

David Sanchez (produktore musikala) eta Josu Bergara (konpositorea)

Zer da Pantailak Euskaraz?

Pantailak Euskaraz mugimendua ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik gauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu dugun mugimendua da. Indarrak batuz, egoera irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburua dugu.

“Pantailak euskaraz” abestiaren letra

Bideo-jokoko pantaila
Pelikulako arrisku
Serieko pertsonaia
Hizkuntzaren forman piztu.

Ahots, irudi, hitz, doinu,
Ta presentziaren jabe,
Inoren seinaleari
Itxaron beharrik gabe.

EUSKARAZ HERRI GARA
EUSKARAZ BIZI BAGARA,
EUSKARA PANTAILETARA
TA PANTAILETAN EUSKARA.

Ikasteko ta hezteko,
pizteko edo pozteko,
Nahi adina ezusteko
Bizi eta ikusteko.

Gure pertsonaiak sortu,
Asmatu ta desiratu,
Izan dezagun non izan
Eta nora begiratu.

EUSKARAZ HERRI GARA
EUSKARAZ BIZI BAGARA,
EUSKARA PANTAILETARA
TA PANTAILETAN EUSKARA.

Pantailak Euskaraz abestiaren aurkezpen ekitaldia, Donostian
1.95 K

Duela hiru urte, aitarekin hitz egiten, ideia bat bururatu zitzaigun: gure herriko jaietarako martxa estiloko pieza bat konposatzea. Horrela jaio zen Errekara! kanta sortzeko ideia. Nire aita, Agustin Bergara, musikaria, piano-jotzailea eta Bilboko Kontserbatorioko musika irakasle ohia da. Elkarrekin lanean hasi ginen, eta 2022. urtean, bion artean konposatutako abestia aurkeztuko dugu.

Errekara abestiaren sorrera: Eako herriarentzat oparia

Gure herria Bizkaiko kostaldean dagoen udalerri txikitxoa da. Ea izena du, baina herritarrok, Ie izena eta ietarrok jentilizioa erabiltzen ditugu askotan. Herri berezi eta maitagarri honek, munduari begiratzeko nire modua eraldatu eta eraiki izan du. Hortaz, esker oneko berbak bakarrik ditut nire herriarentzat eta herritarrontzat.

Urtero, San Juan jaien azken egunean (ekainaren 26an) “Erreka Eguna” ospatzen da. Antzinetik datorren ohitura edo tradizio xelebre honetan, herritarrok mahonez jantzi eta errekan sartzen gara. Ospakizun berezia eta ezberdina da, guretzat urteroko ezinbesteko hitzordua. Gure aitxitxek eta amumak ere hala ospatzen zuten, eta etxean ikasi genuen moduan, guk ere horrela ospatzen dugu. Hartara, Errekara! kanta egun bereziaren ereserkia izateko helburuarekin sortu dugu.

Askotan gitarra edo pianoaren laguntzaz konposatzen dut, baina oraingoan erronka potoloagoa izan da: bandarako konposizio originala prestatu dugu. Horrelako konposizio-piezak ere badaude beste herri edo hiri askotan. Euskal Herrian, Sorozabal eta Sarriegi konpositoreek sortutako martxa ospetsuak, esaterako.

Guk ere gure herriarentzat opari berezia konposatu nahi izan dugu. Gainera, sormen prozesua parte-hartzailea eta herritarra izatea nahi genuen, eta horretarako, gure ekimen honetan herriko (eta kanpoko) hainbat lagun eta ezagun elkartu ditugu.

Kantuaren letraren egilea: Karmelo Landa Mendibe

Karmelo Landa Mendibe herritarrari proposatu genion abestiaren letra idaztea, eta berak hitz ederrak josi ditu, emozioz beteriko letra osatuz.

Txipli ta txapla, txipli ta txapla
errekatik itsasora,
gaur ekainaren hogeita seia
hau ietarron ganora!
kanpotik busti, barrutik busti
zatoze gure ondora!
gaur ietarron eguna da ta
erdu udaren berora!

Errekara, errekara! 
Ietarrok errekara!

Negua joan zan, uda badator
hau bai sasoi emankorra!
gaur errekara salto eginda
plisti-plasta orokorra
bildur barik ba hondatu prakak
soinekoak ta atorra,
lehorrekoak, etorri hona,
uretan busti mokorra.

Errekara, errekara! 
Ietarrok errekara!

Errekan hasi, besarkatuta,
kantu alaia ahoan,
ate gainean dantza egiten,
aurresku ta fandangoan,
freskatzen gara, bustitzen gara,
bata besteen ondoan,
errekan behera, gure parranda
bainauko da itsasoan.

Errekara, errekara!
 Ietarrok errekara!

Musikaren konposizio prozesua: pausoz pauso

Letra esku artean izan bezain laster, musika konposatzen hasi ginen. Oso argi izan genuen abestiak melodia erraza, sinplea, garbia eta atsegina izan behar zuela. Hainbat aldiz batu ginen pianoaren aurrean, gitarra eskuetan, doinu ezberdinak frogatuz. Azkenean, doinu polit eta itsaskor bat aurkitu genuen. Doinua lantzen eta frogatzen buelta-bueltaka aritu ondoren, Errekara! abestiaren melodiarekin oso pozik geratu gara.

Abestia bandarentzat moldatzeko, Mikel Nuñez Lauzirika piano-jotzaile eta konpositore durangarraren laguntza izan dugu. Berari esker, musikak egundoko gorputza, sakonera eta potentzia hartu du.

Grabaketa egiteko, Basauriko Blue Bayou estudioa aukeratu dugu. Bertan, egitasmo musikal askotan lagun eta lankide ditugun David Sanchez Damián eta Nerea Alberdi musikariek lan egiten dute. Errekara! abestiaren kasuan, David Sanchezek gidatu du grabaketa eta produkzio prozesu osoa. Beti bezala, plazer handia izan da berarekin lan egitea: trebea, azkarra eta pazientzia handikoa zara, lagun!

Abesti parte-hartzailea: Ardoa Barrura Fanfarrea, Naroa Gaintza, Iholdi Beristain eta Ieko kantu poteoko taldea

Grabaketa egun ezberdinetan gauzatu dugu. Hasteko, Ardoa Barrura Fanfarrekoek zati instrumentala grabatu zuten. Ardoa Barrura Fanfarrea Bizkaiko musika talde historikoa da, 35 urtetik gorako ibilbidea duena Euskal Herriko zein kanpoko jaiak alaitzen. Bertako Roberto Alonsoren gidaritzapean, fanfarrekoak partiturak ikasi eta estudiora etorri ziren. Musikari finak eta benetan jatorrak dira. Ardoa Barrura Fanfarrearen formazio osoa: Roberto Alonso, tronpeta; Santi García, saxofoia; Jon Txintxurreta, saxofoia; Igor Crespo, bombo, saxofoia; Unai Ercilla, tronpeta eta tronboia; Jesús Rioja, tuba; Richard Isasi, tronpeta; Ibon Meabe, kaxa edo danborra; Asier Villan, txindatak; Roberto González, tronboia; Garikoitz Badiola, tronboia; Jaime Esteban, tronpeta; Aitor Menéndez, helikoia; Txomin González, bonboa.

Ahots nagusiei dagokienez, gure herriko bi artista gonbidatu genituen abestian nirekin batera kantatzeko: Naroa Gaintza eta Iholdi Beristain. Horrela, Errekara! abestian hirurok abesten dugu elkarrekin.

Abestiaren distribuzio digitalerako azalaren diseinua Ramon Lejardi artistarena da. Bedarutarrak ilustrazio oso berezia landu du.

Horrez gain, Ieko kantu poteoko taldea ere gonbidatu genuen. Aurrekoetan bezala, parte hartzera animatu ziren, eta entsegu pare bat egin ostean, estudiora hurbildu ziren koroak grabatzera. Emaitza primerakoa izan da. Hauek dira grabaketan parte hartu duten kantu poteoko kideak (tartean gure familiako kide batzuk ere):  Karmelo Landa Mendibe, Joxe Mari Landa Mendibe, Andoni Landa Mendibe, Irune Benedicto Arbaiza, Begoñe Aspiazu Iribar, Marisol Aguirre García, Sara Egia Agirre, Nerea Rodríguez Uribe-Etxebarria, Amaia Muniozguren Agirre, Garbiñe Muniozguren Agirre, Manu Fernández Saiz, Nerea Muniozguren Agirre, Ernesto Ramirez, Idoye Errazti Olartekoetxea, Amaia Bergara Aretxabaleta, Julen Cáceres Iriondo eta June Bergara González. Duela urte batzuk, Etxe Honetan abestiaren grabaketan ere haien parte hartzea izan nuen, eskerrik asko!

Abestia 2022ko ekainaren 26an, Erreka Egunean, aurkeztu dugu. Plazan giro paregabe egon da eta herritarrak elkarrekin “Errekara! Errekara” abestu dugu. Orain, zuen txanda da, kantua entzun eta zabaldu!

Errekara abestiaren bideoklipa ikusi.

2.07 K

2021eko udan diska berria grabatzen hasi gara. Hurrengo lana 2022 urtean argitaratzeko asmoa dugu. Hilabete hauetan apurka-apurka, patxadaz eta presa barik abestiak konposatzen eta grabatzen arituko gara. Lehen saio honetan Basaurin dagoen Blue Bayou estudioko David Sanchez Damián teknikariarekin diskaren hasierako gidak landu ditugu.

Ondoren Nerea Alberdi konposizio lanetan eta Mikel Nuñez, Irati Bilbao, Txema Arana, Dani Gonzalez eta Luï YoungAkorde Txikiak” taldekoak lagun izango ditut.  Sekulako iusioa eta gogo eraberrituekin, gure #kantatxikienindarra berriz ere plazaratzeko eta zeuekaz batera musika bizitzeko.

Ibilbide oparoa musika munduan: diskografia Josu Bergara

Webgune honetan nire aurreko diskografia osoa ezagutu dezakezu:

  • Karramarroen Hiria (2006) – Autoekoizpena – Grabaketa: Entertainiment Estudioa (Burgos) – Produkzioa: Emilio eta Luis Lizcano.
  • Nora zoaz (2009) – Autoekoizpena – Grabaketa: AME Estudioa (Mutriku, Gipuzkoa) – Produkzioa: Axular Arizmendi.
  • Katiuska gorriak (2012) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Bigorringo Estudioa (Bilbo, Bizkaia) – Produkzioa: David Sanchez Damián / Nerea Alberdi
  • Kanta Txikien Indarra (2015) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Zuzenean Bilboko Kafe Antzokian – Produkzioa eta grabaketa: David Sanchez Damián – Xabi Navarro “Jota”. Konposizio moldaketak: Nerea Alberdi.
  • Asunak (2018) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Tio Pete (Urduliz, Bizkaia) – Produkzioa eta grabaketa: David Sanchez Damián eta Unai Mimenza. Konposizio moldaketak: Nerea Alberdi.

Momentuz, diska berria grabatzeko prozesua irauten duen bitartean, ez dut kontzertu berririk eskainiko. Salbuespen txiki bat egin dut herriko jaietan. Hemen duzue herrian (Ea, Bizkaia) Eskolondon eskainitako kontzertuaren argazkia. Besarkada bat danori eta asko zaindu, laster arte!

583
Etxe-honetan-josu-bergara

Nire bosgarren diskoan “Asunak: bide-bazterreko melodia sendagarriak” gabon kanta bat grabatu genuen: Etxe honetan. Nola konposatu nuen jakin nahi?

Aspaldi, gabon kanta bat egiteko gogoa nuen, izan ere, betidanik gure etxean eta gure herrian, Ean, gabonak oso egun bereziak izan dira. Niretzat, gabon giroa familia, lagunak eta herritarrekin lotuta dago. Antzinako ohitura edo usadioak gogoratzeko uneak izan ohi dira. Esaterako, gure herrian “Abendua” abesten da, aspaldiko kopla zaharrak dira, herriko ondare kulturalaren altxorra.

Etxe honetan abestiaren kasuan, gure herrian gabon garaian bizi dugun giro berezi hori plazaratu nahi izan nuen. Horretarako, nire izekoren etxearen atarian zegoen esaldi batean inspiratu nintzen “Etxe honetan sartzean dana, etxekotzat hartuko da“. Ez dakit zenbat urte dituen plaka horrek, baina betidanik ezagutu izan dugu izekoren etxean. Esaldia ederra izateaz aparte, euskaldunon izaeraren adierazlea iruditzen zait. Hau da, etxean sartzen dena, etxekotzat hartzen dugula. Behintzat, horrela irakatsi ziguten guri txikitatik. Esaldi horretan oinarritu nintzen abestiaren letra idazteko.

Etxe honetan Josu Bergara
Izekoren etxean zegoen plaka txikia, orain gure etxean dagoena.

Abestiaren musika konposatzeko, bazkalostean kantatzen diren abestietan oinarritu nintzen. Lagun ezberdinak elkarrekin kantatzeko ohituran. Melodia osatzeko, laguntzaile trebeak izan nituen: alde batetik, Nerea Alberdi konpositore bilbotarrak bandarako moldaketak egin zituen. Bestetik, Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarrak eskusoinu txikia erabili zuen doinu hauek alaitzeko eta gure-gureak egiteko. Euskarari dagokionez, letra bizkaieraz idatzita dago, herrian erabiltzen diren esamolde berezi batzuk ere aipatzen direlarik.

Abestiaren grabaketa 2018 urtean izan zen, Urdulizen dagoen Tio Pete estudioan, Unai Mimenza eta David Sanchez Damian teknikarien gidaritzapean. Grabaketan “Akorde txikiak” bandan nirekin batera aritzen diren musikariak parte hartu zuten: Nerea Alberdi, Mikel Nuñez, Lüi Young, Irati Bilbao, Dani Gonzalez eta Txema Arana. Gainera, Naroa Gaintza abeslariak ere nirekin batera kantatu zuen eta koroan herriko hainbat lagunek parte hartu zuten.

Etxe-honetan-josu-bergara

etxe-honetan-lagunak

etxe-honetan-lagunak-grabaketa
Argazkiak: Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar

Ondoren, bideoklipa grabatu genuen, Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar bideogileen gidaritzapean. Bideoan herriko irudiak agertzen dira, kaleak, plaza, moila, “Arrantzale” eta “Aritza” tabernak.

Etxe honetan abestiaren arrakasta

Ordutik hona, zorion mezu ugari jaso ditut “Etxe honetan” abestiagatik. Dagoeneko esan daiteke, kanta honek Euskal Herriko gabon jaietako kantutegian bere lekua egin duela. Pozik jaso ditut abestiarekin lotutako hainbat mezu eta eskaera. Aspalditik oso argi dudan kontua da herritik eta herriarentzat musika egiten dudala, harropuzkeri eta egoak alde batera utzita.

Jakin badakit, gaur egun “Etxe honetan” abestia Euskal Herriko hainbat herriko kaleetan abesten dela: Bermeo, Oñati, Irun, Arrasate, Gernika, Bilbo, Gasteiz, Lekitto, Ondarru, besteak beste. Beste herrialde batzuetatik ere heldu zaizkit abestiarekin lotutako zorion mezuak: Ameriketako Estatu Batuetatik, adibidez. Sekulakoa! Jarrai dezala abestiak bere bidea egiten, “Etxe honetan sartzen dana, etxekotzat hartuko da“-

Etxe honetan abestiaren letra

ETXE HONETAN – Egilea: Josu Bergara Aretxabaleta (musika eta hitzak)

Barriro be lotuko gara,
sutondoan danok batera,
– Olentzero noiz dator, ama?-
txikien betiko galdera.

Gabon gabian alkartuta,
senide, herritar, laguna(k),
etxe honetan sartzen dana,
etxekotzat hartuko da. (x2)

Aintzinan eitxen zan antzera,
hauxe da geure herriko ohitura,
badator urte amaiera,
min danak botaizuz sutara!

Gabon gabian… (x2)

Geuretzat hauxe da handixena,
munduko altxorrik ederrena,
amumak jagon (e)ban euskara,
gaur lobak eingo dau berbera.

Gabon gabian… (x4)

 

2.3 K
© WolfThemesLicencia: todos los derechos reservados © Josu Bergara© WolfThemes