Back to the top
zooming-background

Komunikazioa

Josu Bergara musikaren konpositorea eta proiektuaren sortzailea da

Loa eta Laia, marrazki bizidun musikalak

Duela urtebete inguru aurkeztu zen Loa eta Laia, euskarazko serie animatu digitalaren proiektua, euskal kultura, ohiturak eta balio unibertsalak transmititzera bideratua, 2 eta 7 urte bitarteko familiei eta adingabeei zuzendua.

Josu Bergara musikari eta publizistaren, ideiaren sortzaile eta musikaren egilearen eta Paul Caballero ilustratzaile eta proiektuaren sustatzailearen ideia gisa jaio zen, eta lehen denboraldian lortutako emaitza onek bigarren denboraldi batekin jarraitzera bultzatu dituzte, hamar kapituluz osatuta dagoena.

Proiektu honen ardatza musika eta pertsonaia animatuak dira, eta Loa eta Laia dira protagonistak. Ane Martínez  eta Leire Aparicio , abeslariak, eta Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián, egokitzapen eta ekoizpen musikalaren arduradunak, dituzte lantaldean.

Loa eta Laiak etxeko gazteentzat euskaraz garatutako eta gure errealitatetik hurbil dauden edukiak izateko beharrari erantzuten dio, eta kapitulu guztiak irizpide pedagogiko eta didaktikoekin lantzen dira. Horrela, asko bereziki erabilgarriak dira eguneroko ohiturak lantzeko.

Lehen denboraldiko emaitza bikainak
Loa eta Laia sarean bizi dira eta YouTubeko kanal baten bidez azaltzen dira euren abenturak. Lehenengo denboraldian Gau Beltza, Euskararen Eguna eta Gabonak ospatu zituzten, gure ingurune naturala nola zaindu ikasi zuten, eguneroko ohiturak hartu zituzten (komunera joaten ikasi, adibidez), gorputz adierazpena, koreografiak eta erritmoa landu zituzten…
Abentura horietan, animazioez gain, eduki osagarriak dituzte, hala nola fitxak eta beste baliabide batzuk; baita garapen digitalak ere, errealitate areagotuko iragazkiak, esaterako.

Lehen denboraldi honetan 200.000 erreprodukzio baino gehiago lortu ditu YouTuben, 4.000 ordu inguru. Hilean kapitulu bat emanez, urria eta ekaina bitartean, proiektuaren inguruan erabiltzaile-komunitate bat osatuz joan da. Horrela, adibidez, Loa eta Laia ikastetxe batzuetako ikasleei laguntzen diete beren eskola-orduetan, eta egunerokoan parte hartzen dute. Irakasle askorentzat erreferentziazko proiektu bihurtu da.

Edukiak sare sozialen eta berehalako mezularitzako aplikazioen bidez partekatzen eta banatzen dira familien artean.
Izan ere, arrakasta horren zati bat bi faktore nagusik eragin dute: batetik, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, eta, bestetik, euskal familien beharrei erantzutea, eduki praktikoekin eta balioekin.

Horrela, Loa eta Laia beste mugarri bat da pantailetan eta ingurune digitalean euskarazko kalitatezko edukien kopurua handitzeko helburuan.

Eta, gainera, euskarazko eduki interesgarri horiek egunerokoan bizi dugun errealitatetik hurbil daude, freskoak, praktikoak, laburrak eta didaktikoak, familian ikusteko aproposak. Familia eta eskola-komunitate askok hartu dituzte dagoeneko abestietako batzuk, “Egun on” edo “Gabon”, esaterako, eguneroko ereserkiak. Eta beste batzuk eguneroko ohiturei erantzuten diete, “Kaka egingo dugu”, esaterako. Dena den, ez da ahaztu behar bideoen bidez balioak lantzeko duen osagai handia, hala nola berdintasuna, elkartasuna edo iraunkortasuna, non txikienek ulertzen duten ingurumena edo animalien eskubideak errespetatzeko beharra, adibidez.
Arrakasta horren ondorioz, Loa eta Laiako arduradunek akordio bat itxi dute EITB taldearekin, eta lehen denboraldia streaming bidez emititzen ari da dagoeneko.

Kataluniatik ere interesa agertu dute proiektuan, eta ez da baztertzen beste hizkuntza batzuetara itzultzea eta ikus-entzunezko jaialdietan parte hartzea. Baina proiektuak euskaraz eta euskaragatik izaten jarraituko du.

Loa eta Laiaren bigarren denboraldiaren estreinaldia

Taldeak hilabeteak daramatza bigarren denboraldian edukiak, musika konposizioak, grabaketa eta edizioa, ilustrazioak eta animazioak sortzen, eta hurrengo hamar kapituluetako abestiak prest daude.
Bigarren denboraldi honetan, gure kulturako pertsonaiek eta ospakizunek hartuko dute protagonismoa, hala nola, Gargantuak. Gainera, gai batzuk ikastetxeen eskaera zehatzei erantzuteko sortu dira, “Agur” abestia, adibidez. Edo ohitura osasungarriei, bullyingaren aurkako pedagogiari, genero-aniztasunari eta abarri buruzko atalak.
Eta, lehen denboraldian bezala, musika izango da ardatza, eta alderdi artistiko eta teknikoak ere landuko dira, hala nola musika-notak edo erritmoak.
Osagarri gisa, zerikusia duten bi proiektu lantzen ari dira: merchandising produktu batzuk sortzea; eta zuzeneko ikuskizun bat ekoiztea.

Nor dira Loa eta Laia?

Loa eta Laia lagunak dira eta musika maite dute. Ausartak, freskoak eta dibertigarriak dira. Buruargiak eta sortzaileak dira, eta erronka guztiei pasioz, adorez, ilusioz eta lankidetzaz egiten diete aurre.
Musika talde bat sortu dute eta abestien bidez abentura ezberdinak biziko dituzte. Haiekin batera, Qiang eta Niko lagunek ere parte hartuko dute, eta abestien erritmoa eta melodiak bateria eta pianoarekin osatuko dituzte.
Abestiek ukitu moderno eta berritzailea dute, askotariko musika estiloak nahastuko dituzte beren melodietan: rock, pop, folk, rap, bluegrass, reggae, jazz…
Era berean, askotariko kultura eta jatorrietatik eratorritako musika-estiloak jorratuko dituzte.
Loa eta Laiaren unibertsoan baso biziak, animaliak, zuhaitzak eta landareak ere agertuko dira.
Pertsonaia horien kontzeptua sortzeko, aholkularitza jaso da hainbat arlotan: genero-ikuspegitik, giza eskubideen errespetua sustatzeko moduari dagokionez, hezkuntzaren ikuspegitik.

1.96 K

2021eko udan diska berria grabatzen hasi gara. Hurrengo lana 2022 urtean argitaratzeko asmoa dugu. Hilabete hauetan apurka-apurka, patxadaz eta presa barik abestiak konposatzen eta grabatzen arituko gara. Lehen saio honetan Basaurin dagoen Blue Bayou estudioko David Sanchez Damián teknikariarekin diskaren hasierako gidak landu ditugu.

Ondoren Nerea Alberdi konposizio lanetan eta Mikel Nuñez, Irati Bilbao, Txema Arana, Dani Gonzalez eta Luï YoungAkorde Txikiak” taldekoak lagun izango ditut.  Sekulako iusioa eta gogo eraberrituekin, gure #kantatxikienindarra berriz ere plazaratzeko eta zeuekaz batera musika bizitzeko.

Ibilbide oparoa musika munduan: diskografia Josu Bergara

Webgune honetan nire aurreko diskografia osoa ezagutu dezakezu:

  • Karramarroen Hiria (2006) – Autoekoizpena – Grabaketa: Entertainiment Estudioa (Burgos) – Produkzioa: Emilio eta Luis Lizcano.
  • Nora zoaz (2009) – Autoekoizpena – Grabaketa: AME Estudioa (Mutriku, Gipuzkoa) – Produkzioa: Axular Arizmendi.
  • Katiuska gorriak (2012) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Bigorringo Estudioa (Bilbo, Bizkaia) – Produkzioa: David Sanchez Damián / Nerea Alberdi
  • Kanta Txikien Indarra (2015) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Zuzenean Bilboko Kafe Antzokian – Produkzioa eta grabaketa: David Sanchez Damián – Xabi Navarro “Jota”. Konposizio moldaketak: Nerea Alberdi.
  • Asunak (2018) – Taupaka Elkartea – Grabaketa: Tio Pete (Urduliz, Bizkaia) – Produkzioa eta grabaketa: David Sanchez Damián eta Unai Mimenza. Konposizio moldaketak: Nerea Alberdi.

Momentuz, diska berria grabatzeko prozesua irauten duen bitartean, ez dut kontzertu berririk eskainiko. Salbuespen txiki bat egin dut herriko jaietan. Hemen duzue herrian (Ea, Bizkaia) Eskolondon eskainitako kontzertuaren argazkia. Besarkada bat danori eta asko zaindu, laster arte!

567
Etxe-honetan-josu-bergara

Nire bosgarren diskoan “Asunak: bide-bazterreko melodia sendagarriak” gabon kanta bat grabatu genuen: Etxe honetan. Nola konposatu nuen jakin nahi?

Aspaldi, gabon kanta bat egiteko gogoa nuen, izan ere, betidanik gure etxean eta gure herrian, Ean, gabonak oso egun bereziak izan dira. Niretzat, gabon giroa familia, lagunak eta herritarrekin lotuta dago. Antzinako ohitura edo usadioak gogoratzeko uneak izan ohi dira. Esaterako, gure herrian “Abendua” abesten da, aspaldiko kopla zaharrak dira, herriko ondare kulturalaren altxorra.

Etxe honetan abestiaren kasuan, gure herrian gabon garaian bizi dugun giro berezi hori plazaratu nahi izan nuen. Horretarako, nire izekoren etxearen atarian zegoen esaldi batean inspiratu nintzen “Etxe honetan sartzean dana, etxekotzat hartuko da“. Ez dakit zenbat urte dituen plaka horrek, baina betidanik ezagutu izan dugu izekoren etxean. Esaldia ederra izateaz aparte, euskaldunon izaeraren adierazlea iruditzen zait. Hau da, etxean sartzen dena, etxekotzat hartzen dugula. Behintzat, horrela irakatsi ziguten guri txikitatik. Esaldi horretan oinarritu nintzen abestiaren letra idazteko.

Etxe honetan Josu Bergara
Izekoren etxean zegoen plaka txikia, orain gure etxean dagoena.

Abestiaren musika konposatzeko, bazkalostean kantatzen diren abestietan oinarritu nintzen. Lagun ezberdinak elkarrekin kantatzeko ohituran. Melodia osatzeko, laguntzaile trebeak izan nituen: alde batetik, Nerea Alberdi konpositore bilbotarrak bandarako moldaketak egin zituen. Bestetik, Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarrak eskusoinu txikia erabili zuen doinu hauek alaitzeko eta gure-gureak egiteko. Euskarari dagokionez, letra bizkaieraz idatzita dago, herrian erabiltzen diren esamolde berezi batzuk ere aipatzen direlarik.

Abestiaren grabaketa 2018 urtean izan zen, Urdulizen dagoen Tio Pete estudioan, Unai Mimenza eta David Sanchez Damian teknikarien gidaritzapean. Grabaketan “Akorde txikiak” bandan nirekin batera aritzen diren musikariak parte hartu zuten: Nerea Alberdi, Mikel Nuñez, Lüi Young, Irati Bilbao, Dani Gonzalez eta Txema Arana. Gainera, Naroa Gaintza abeslariak ere nirekin batera kantatu zuen eta koroan herriko hainbat lagunek parte hartu zuten.

Etxe-honetan-josu-bergara

etxe-honetan-lagunak

etxe-honetan-lagunak-grabaketa
Argazkiak: Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar

Ondoren, bideoklipa grabatu genuen, Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar bideogileen gidaritzapean. Bideoan herriko irudiak agertzen dira, kaleak, plaza, moila, “Arrantzale” eta “Aritza” tabernak.

Etxe honetan abestiaren arrakasta

Ordutik hona, zorion mezu ugari jaso ditut “Etxe honetan” abestiagatik. Dagoeneko esan daiteke, kanta honek Euskal Herriko gabon jaietako kantutegian bere lekua egin duela. Pozik jaso ditut abestiarekin lotutako hainbat mezu eta eskaera. Aspalditik oso argi dudan kontua da herritik eta herriarentzat musika egiten dudala, harropuzkeri eta egoak alde batera utzita.

Jakin badakit, gaur egun “Etxe honetan” abestia Euskal Herriko hainbat herriko kaleetan abesten dela: Bermeo, Oñati, Irun, Arrasate, Gernika, Bilbo, Gasteiz, Lekitto, Ondarru, besteak beste. Beste herrialde batzuetatik ere heldu zaizkit abestiarekin lotutako zorion mezuak: Ameriketako Estatu Batuetatik, adibidez. Sekulakoa! Jarrai dezala abestiak bere bidea egiten, “Etxe honetan sartzen dana, etxekotzat hartuko da“-

Etxe honetan abestiaren letra

ETXE HONETAN – Egilea: Josu Bergara Aretxabaleta (musika eta hitzak)

Barriro be lotuko gara,
sutondoan danok batera,
– Olentzero noiz dator, ama?-
txikien betiko galdera.

Gabon gabian alkartuta,
senide, herritar, laguna(k),
etxe honetan sartzen dana,
etxekotzat hartuko da. (x2)

Aintzinan eitxen zan antzera,
hauxe da geure herriko ohitura,
badator urte amaiera,
min danak botaizuz sutara!

Gabon gabian… (x2)

Geuretzat hauxe da handixena,
munduko altxorrik ederrena,
amumak jagon (e)ban euskara,
gaur lobak eingo dau berbera.

Gabon gabian… (x4)

 

2.24 K

2020ko apirilean, konfinamendu egoeran, “Kolorez jantzitako egunak” abestia konposatu nuen. Askotan bizitza bat-batean ilundu egiten da eta horrelakoetan aurrera egiteko jarrera positiboa izatea ezinbestekoa da. Galernaren erdian, haizearekin dantzan egiten ikasi behar dugu.

Abestia modu sinple eta akustiko batean etxetik grabatu ostean, “Akorde txikiak” taldeko musikariok abestiari forma ematen lagundu zidaten.  Laster disko berria prestatzen hasiko gara, eta seguruenik, abesti hau ere bertan agertuko da.

Bitartean, nire aurreko bost diskoak entzun edo deskargatu nahi badituzue, diskografia atalean aurkituko dituzue.

Zaindu zaitezte lagunok, laster arte.

KOLOREZ JANTZITAKO EGUNAK (Letra)

Batzuetan bizitza
bat-batean iluntzen da,
ustekabean datorren
galernaren antzera
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.

Kolorez jantzitako
kometa bezala
haizearekin dantzan.

Baina hala ere
den-dena pasatzen da,
ez dago formula magikorik
baina hala da
erdian harrapatzen
zaituenean ekaitzak
bizitzarekin dantzan
ikasi behar da.

Kolorez jantzitako
kometa bezala,
bizitzarekin dantzan.

Partaideak

Musika eta hitzak:
Josu Bergara

Bideoaren edizioa:
Jabier Bergara

Audioaren edizioa:
David Sánchez Damián

MUSIKARIAK
Nerea Alberdi – Bibolina
Mikel Nuñez – Teklatua
Irati Bilbao – Ahotsa
Txema Arana – Bateria eta perkusioak
Dani González – Baxua
Luï Young  – Gitarra elektrikoa

195

Barakaldoko Antzokian eta Bilboko Bira Kulturgunean eskaini ditugun azken kontzertuakAsunak‘ diskoari agur esateko ospakizun ezin hobeak izan dira.

Hemendik aurrera, epealdi baten kontzertuak eman gabe egongo naiz. Atsedena, lasaitasuna eta beste proiektu batzuentzako denbora behar dut. Baina benetan, eta bihotz-bihotzez: musikariak, teknikariak, elkartekideak, lagunak, familia… mila-mila esker zuen etengabeko laguntza eta babesagatik.

Zuek zarie nire kanta txikien indarra.

Josu

155


Akorde Txikiak
bandaren laguntzaz Amurrio Antzokian grabatutako ikus-entzunezko pieza berri honen egileak Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar izan dira.
Ion Martinez Esnaola “Txiki” aktorea bideokliparen protagonista nagusia izan da. Donostiako aktoreak rol edo paper ezberdinak jokatu ditu (burokrata, polizia, diputatua, epailea…) askotan ekimen kultural zein sozialak jasan behar dituzten trataerak salatuz.
Abesti honetan, tangoaren erritmoa eta doinu bereziak lirika eta umorearekin uztartu dira, kritika politikoa adierazteko.

126
© WolfThemesLicencia: todos los derechos reservados © Josu Bergara© WolfThemes