Oparirik politena abestiaren konposizioa eta sorrera
Oparirik politena abestiaren sorrera
2022 urtean “Loa eta Laia” euskarazko marrazki bizidunen telesaila sortu genuen. Oparirik politena abestia proiektu honen abestien ezagunenetarikoa da. Ordutik hona lan eta lan aritu gara, 2025 urtean atal berriak argitaratuko ditugu. Telesaila Paul Caballero ilustratzaile eta Josu Bergara musikaria eta publizista elkarlanean sortu genuen. Ane Martínez eta Leire Aparicio abeslariak, eta Nerea Alberdi eta David Sánchez Damián musika orkestratzaileak hasieratik lantaldean aritu dira. Nire musika ibilbidean proiektu asko sustatu ditut eta zalantzarik gabe hau nabarmenduen artean dago.
Proiektu honen bitartez haurrentzat euskarazko edukiak sortzea dugu helburu. Euskaratik eta euskaraz egindako materialak dira, balore unibertsalak lantzen dituztenak. Alaba txikiak ditudanez, niretzat oso garrantzitsua zen beraientzat material erakargarriak eta gertukoak sortzea. Horretarako musikalki erritmo biziak eta atseginak jorratu ditugu.
Oparirik politena abestiaren esanahia
Askotan, gabonetako ospakizunetan, etxeko txikienak jasotzen dituzten opariak garrantzi lar hartzen dute, hauen zenbatekoa eta kopurua gehiegizkoa izaten dela. Abesti honen bitartez, gabonetako oparirik politena maitasunean eta gertukoekin egotean dagoela azpimarratu nahi genuen, elkartasuna eta zaintza aldarrikatuz.
Honela, “Oparirik politena” abestiaren letraren estribilloari mezu sinplea eta itsaskorra eman genion: “Oparirik politena, zu zara, ni zurekin, ni zurekin egotea“. Erritmo dantzagarria, txaloen bitartez erraz jarraitzeko modukoa, konposizioaren sekretuetako bat izan zen. Gure etxeetan hasierako frogak egin eta sekulako arrakasta zuela ikusi genuenez, grabaketa estudiora joan ginen. Lantalde osoaren ekarpen ederrari esker, abestiak eta kapituluaren emaitza ezberdina eta deigarria izan da.
Oparirik politena abestiak dituen detaile bereziak
Abesti honen sorreran, musika konposizio lanetan, zein irudigintza grafikoan, detaileak asko zaindu genituen. Kapitulua aztertzen baduzue, bertan aurkitu ditzazkezue nabarmentzeko eta benetan bereziak diren hainbat kontu txiki. Hauek dira horietako batzuk:
Etxeko txikienak protagonista
Gure alaba nagusiari, Juneri, eskaini genion abestian esaldi batzuk grabatzeko aukera. Berarentzat esperientzia paregabea izan zen. Juneren ahotsa abestiaren hasieran entzuten da: “Badatoz gabonak, badatoz gabonak” eta “Zer oparituko didazu?” esaldiak esaten ditu. Horrez gain, Paulen seme-alabak eta gure alaba txikia ere, irudietako pertsonai bezala agertzen dira bideoan. Gure omenalditxo xumea izan da beraientzat. Seguru bizi osoan gogoan izango dutela eta nagusiak direnean maitasun handiz oroituko dutela.
“Urte barri barri” antzineko kantutegiari keinua
Nire herrian, Ean, gabonetan betidanik abestu ohi dan kantua izan da “Urte barri barri” delakoa. Gure aitxitxe eta amumak irakatsi ziguten eta bertako estrofa batek esaten duenez:
Urte barri barri
txarri belarri,
dekonak eztekonari
nik eztekot eta niri.
Oparirik politena abestian aspaldiko kantu zaharrari omenaldia ere egin nahi izan diot, eta letra idatzi nuenean keinu hori egitea erabaki nuen.
Irulegiko eskua: “Sorioneku” atalaren amaieran agertzen da
Atal honen bukaeran, Irulegiko eskua agertzen da. “Loa eta Laia” marrazki bizidunetan euskarak zentralitatea du, eta honelako aurkikuntza batek gure herriarentzat eta kulturarentzat izan duen garrantzia aintzatesteko modua bada. Paul Caballero ilustratzaileak proposatu zuen eta lantaldean ideia poilta iruditu zitzaigun.