Etxe honetan abestia
Nire bosgarren diskoan “Asunak: bide-bazterreko melodia sendagarriak” gabon kanta bat grabatu genuen: Etxe honetan. Nola konposatu nuen jakin nahi?
Aspaldi, gabon kanta bat egiteko gogoa nuen, izan ere, betidanik gure etxean eta gure herrian, Ean, gabonak oso egun bereziak izan dira. Niretzat, gabon giroa familia, lagunak eta herritarrekin lotuta dago. Antzinako ohitura edo usadioak gogoratzeko uneak izan ohi dira. Esaterako, gure herrian “Abendua” abesten da, aspaldiko kopla zaharrak dira, herriko ondare kulturalaren altxorra.
Etxe honetan abestiaren kasuan, gure herrian gabon garaian bizi dugun giro berezi hori plazaratu nahi izan nuen. Horretarako, nire izekoren etxearen atarian zegoen esaldi batean inspiratu nintzen “Etxe honetan sartzean dana, etxekotzat hartuko da“. Ez dakit zenbat urte dituen plaka horrek, baina betidanik ezagutu izan dugu izekoren etxean. Esaldia ederra izateaz aparte, euskaldunon izaeraren adierazlea iruditzen zait. Hau da, etxean sartzen dena, etxekotzat hartzen dugula. Behintzat, horrela irakatsi ziguten guri txikitatik. Esaldi horretan oinarritu nintzen abestiaren letra idazteko.
Abestiaren musika konposatzeko, bazkalostean kantatzen diren abestietan oinarritu nintzen. Lagun ezberdinak elkarrekin kantatzeko ohituran. Melodia osatzeko, laguntzaile trebeak izan nituen: alde batetik, Nerea Alberdi konpositore bilbotarrak bandarako moldaketak egin zituen. Bestetik, Gaizka Peñafiel trikitilari lezamarrak eskusoinu txikia erabili zuen doinu hauek alaitzeko eta gure-gureak egiteko. Euskarari dagokionez, letra bizkaieraz idatzita dago, herrian erabiltzen diren esamolde berezi batzuk ere aipatzen direlarik.
Abestiaren grabaketa 2018 urtean izan zen, Urdulizen dagoen Tio Pete estudioan, Unai Mimenza eta David Sanchez Damian teknikarien gidaritzapean. Grabaketan “Akorde txikiak” bandan nirekin batera aritzen diren musikariak parte hartu zuten: Nerea Alberdi, Mikel Nuñez, Lüi Young, Irati Bilbao, Dani Gonzalez eta Txema Arana. Gainera, Naroa Gaintza abeslariak ere nirekin batera kantatu zuen eta koroan herriko hainbat lagunek parte hartu zuten.
Ondoren, bideoklipa grabatu genuen, Gaizka Peñafiel eta Asier Olazar bideogileen gidaritzapean. Bideoan herriko irudiak agertzen dira, kaleak, plaza, moila, “Arrantzale” eta “Aritza” tabernak.
Etxe honetan abestiaren arrakasta
Ordutik hona, zorion mezu ugari jaso ditut “Etxe honetan” abestiagatik. Dagoeneko esan daiteke, kanta honek Euskal Herriko gabon jaietako kantutegian bere lekua egin duela. Pozik jaso ditut abestiarekin lotutako hainbat mezu eta eskaera. Aspalditik oso argi dudan kontua da herritik eta herriarentzat musika egiten dudala, harropuzkeri eta egoak alde batera utzita.
Jakin badakit, gaur egun “Etxe honetan” abestia Euskal Herriko hainbat herriko kaleetan abesten dela: Bermeo, Oñati, Irun, Arrasate, Gernika, Bilbo, Gasteiz, Lekitto, Ondarru, besteak beste. Beste herrialde batzuetatik ere heldu zaizkit abestiarekin lotutako zorion mezuak: Ameriketako Estatu Batuetatik, adibidez. Sekulakoa! Jarrai dezala abestiak bere bidea egiten, “Etxe honetan sartzen dana, etxekotzat hartuko da“-
Etxe honetan abestiaren letra
ETXE HONETAN – Egilea: Josu Bergara Aretxabaleta (musika eta hitzak)
Barriro be lotuko gara,
sutondoan danok batera,
– Olentzero noiz dator, ama?-
txikien betiko galdera.
Gabon gabian alkartuta,
senide, herritar, laguna(k),
etxe honetan sartzen dana,
etxekotzat hartuko da. (x2)
Aintzinan eitxen zan antzera,
hauxe da geure herriko ohitura,
badator urte amaiera,
min danak botaizuz sutara!
Gabon gabian… (x2)
Geuretzat hauxe da handixena,
munduko altxorrik ederrena,
amumak jagon (e)ban euskara,
gaur lobak eingo dau berbera.
Gabon gabian… (x4)