Josu Bergara Aretxabaleta (Ea, Bizkaia 1979) musikaria zortzi urterekin Billboko Kontserbatorioan musika ikasten hasi zen. Biolontxeloa, armonia eta beste ikasketa batzuk burutu ondoren, 18 urterekin gitarra lehen aldiz hartu eta abestiak konposatzen hasi zen.
Bost disko argitaratu ditu “Karramarroen Hiria” (2006), “Nora Zoaz” (2009), “Katiuska Gorriak” (2012), “Kanta Txikien Indarra” (2015) eta “Asunak” (2018). Horrez gain, musikarekin lotutako proiektu ezberdinak gauzatzen ditu, horren adibide bere herriarentzat egindako azken musika konposizioa: “Errekara” (2022). Burutü publizitate agentziaren sortzailea eta zuzendaria da eta euskarazko ikus-entzunezko ekimen berritzaileen sustatzailea. Loa eta Laia (2023) euskarazko marrazki bizidunen telesailaren sortzailea eta konpositorea da.
Euskal Herriko ehundaka eszenatokietan aritu izan da, bakarka zein beste musikari askoren laguntzaz. Horrez gain Bartzelona, Madril, Valentzia edota Londresen ere kontzertuak eskaini ditu. Sari ezberdinak jaso ditu konpositore, publizitate sortzaile, olerkari eta egile gisa.
Josuren abestiak freskoak eta argiak dira, bizipoza transmititzen dute. Ibilbide luzeko musikari honek melodiak eta erritmo ezberdinak lantzen ditu, beti ere modu hunkigarrian abesti sinple bezain ederrak konposatzen. Ahotsaren disdira eta xarma, gitarra jotzeko modu hunkigarria zein kantuen indarra dira nagusi eszenatokian.
“Akorde txikiak” bandarekin elkarlanean zuzeneko ezberdina eta originala plazaratzea lortu du: melodikoa, dinamikoa eta erakargarria. Songwriter edo kantautore estiloaren oinarritik abiatuz, pop, folk, swing, bluegrass eta beste hainbat erritmo jorratzen dituzte.